ONDORIOAK

Arrisku sozialaren gaia ondo landu eta gero, argi geratu zaigu eskolek eta batez ere irakasleok, ezinbesteko garrantzia dugula haur hauek hezkuntza on bat jaso ahal izateko. Eta gainera, ikasle hauen ikaskuntza eta partaidetza bermatzeko.  Horretaz gain, ikasi dugu pertsona batzuk beraien inguruneko ezaugarri/baldintzak direla eta, sozialki baztertuak izateko arriskuan daudela.

Arrisku sozialean dauden ikasle hauek segurtasuna behar dute euren inguruan. Irakasle eta ikasleen laguntza ezinbestekoa da kasu hauetan, beraien arteko harremana hobetzen joan behar delarik. Arrisku sozialean eta hezkuntza premia berezia dituzten ikasleentzako oso garrantzitsua da afektibotasuna azaleraztea.

Ikasle hauek eskolara pozik joateko eta gauzak ikasteko gogo hori izateko motibazioa balio handiko baliabidea da. Horretarako irakasleak jarrera enpatikoa eta malgua izan behar du eta gelako giroa zaindu eta lantzea. Komeni da irakasleak ikasleei, hezkuntza premia berezia eta arrisku sozialean dauden pertsona hauei buruz hitz egitea eta beraien egoera nolakoa den azaltzea, horrela, beste ikasleek hobeto ulertuko dute pertsona hauek nolako egoeran dauden. Horrek erraztuko du beraien bizitza beste era batera ikustea eta egunetik egunera bizikidetza hobe bat izatea.