ESPERIENTZIA – ELKARRIZKETA

“IKASLE GUZTIOK GURE BEREZITASUNAK DITUGU”

Maria Isabel Colino Blanco 21 urteko gasteiztarra da. Zuzenbide Lizentziatura amaitzear dago eta aisialdi aktibitateen begiralea da. Bere ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan izandako bizipena luzatuko digu, motore urritasuna duen ikasle baten ikuspegitik. Zehatzago azalduta, Maria Isabelek jaiotzetik agenesia du ezkerreko besoan. Hortaz, HPB duen ikasle baten ikuspegia aztertuko dugu hurrengo lerroetan:

  • Hezkuntzaren ikuspegitik, nolakoa izan da zure esperientzia ikaskuntza prozesu osoan zehar? Zein etapatan izan dituzu oztopo gehiago?

Ona izan da, ez dut inoiz arazorik izan eta nahiko emaitza akademiko onak eskuratu ditut. Hala ere, gorputz heziketa ikasgaian nire gaitasunak mugatuak ziren; hortaz, alde horretatik baztertuta sentitu naiz. Hala ere, gorputz heziketako irakasleek nire beharretara jardun asko moldatu zituzten.

  • Nola baloratuko zenuke irakasleekin izandako harremana?

Orokorrean ona izan da. Alde batetik, besteen parean jarri naute eta ez naute tratatu modu ezberdin batean. Beste alde batetik, irakasleek ez dute ezer berezirik egin ni besteen parean jartzeko, ni ez dudalako behar izan.

  • Nola baloratuko zenuke beste gelakideekin izandako harremana?

Etapa ezberdinak jasan ditut. Hasteko, Haur eta Lehen Hezkuntzan nire ikaskideekin ez nituen arazorik izan. Baina, Lehen Hezkuntzaren amaieran (5 eta 6. mailan) eta D.B.H. hasiaren alde batera uzten ninduten, hots, ezberdina nintzelako. Gainera, nabarmendu nahi nuke bazterkeria hori batez ere nesken aldetik jasan nuela.

Nolanahi ere, urte horiek kenduta oso harreman normala izan dut nire gelakideekin. Izan ere, DBHko hirugarren mailatik aurrera helduagoak ginela nabaritu nuen eta bazterkeria hori bukatu zen.

  • Irakasleei ze eskatuko zenieke?

Ezer baino lehen komentatu nahi nuke irakasle batzuek gehiago inplikatu zirela beste batzuek baino. Hortaz, irakasle hauei guztiei eskatuko nieke edozein HPBren aurrean normaltasunaren printzipioaren arrimutik bideratzea. Hau da, kontuan hartu behar dute nire urritasuna ez duela nire ikaskuntza prozesurako oztopo bat izan behar. Orduan, edozein HPBren aurrean bere jardun egokitzeko beharra dagoela uste dut.

Beste alde batetik, nire ustez beste gelakideei erakutsi behar diete bakoitzak gure beharrak ditugula. Hortaz, irakasle batek klasean aurkitu dezakeen edozein berezitasunaren aurrean bere ikasleei honen berri eman behar die.

  • Nola baloratuko zenuke zure gurasoek emandako tratua?

Nire ustez nire gurasoek esfortzu oso handia egin dute nire egunerokotasuneko bizitza askoz ere errazagoa izateko. Lehendabizi, “normaltasunez” tratatu naute eta ez dute nire nebarekiko inongo aldaerarik egin. Hau da, familiako beste partaide bat bezala tratatu naute, bazterketarik gabe.

Hala eta guztiz ere, komentatu nahi nuke nire amak batzuetan gehiegi babestu nauela. Adibidez, harrikoa egiten ez zidan uzten edo ni bizikletaz aritzeak ez zitzaion gustatzen. Baina ni jarrera hau ulertzen dut, hots, nire amak soilik nahi duelako ni babestea eta ez nire garapena oztopatzea

Ildo honetatik, nire aita askoz ere permisiboa izan da nirekin. Adibidez, berak esfortzu handiak egin ditu nik bizikletaz ibiltzen ikasteko, gidabaimena eskuratzeko edo lokarriak nik bakarrik lotzeko.

  • Ze gomendatuko zenieke beste guraso batzuei?

Aurreko galderaren ildotik, gurasoei gomendatuko nieke beren seme-alabak edozein HPB edukita normaltasunez eta bere familiako beste partaide bat bezala tratatzea. Are gehiago, nabarmendu nahi dut gurasoek ez direla oso babeskorrak izan behar eta beren umeen autonomia ere sustatu behar dutela.